Informazioa

ZUMAIA MUSIKA ESKOLAREN HELBURUAK ETA EZAUGARRIAK

  1. ZMDAEren helburu nagusiena edozein adinetako pertsonari dantza, musika eta antzerkiaren alorretan prestakuntza praktikoa ematea da, gaitasun eta bokazio berezia erakusten dituztenak lanbide-ikasketarako bideratzeko eta prestatzeko zeregina alde batera utzi gabe. Herriko musika, dantza eta antzerki kulturan eragin baikorra izan nahi du, ez bakarrik ikasleen prestakuntza lortuz, baita eta herriko kultur elkarte desberdinen beharrei erantzunez ere.
  2. Arautu gabeko eta, funtsean, praktikoa den musika, dantza eta antzerki irakaskuntza eskaintzea, batez ere taldekako musika egin ahal izateko.
  3. Ikaslearen partaidetza eragilea sustatzea, bai bakar-lanean eta bai taldean ere. Bestetik, ikastetxearen eta berau errotuta dagoen gizartearen arteko loturak sustatzea, norberarengan hasi eta gizartera hedatu gabeko ikasketek galdu egiten baitute izatearen arrazoietako bat.
  4. Musika kontuak orokorrago ulertu ahal izateko ezinbesteko diren gutxienezko gai teorikoak lantzea eta ikasleak gaiak sakonago jakiteko premia duen heinean zabalduko dira. Adina kontuan izan gabe eskainiko da zerbitzu hori: haurrekin zein helduekin.
  5. Musika eta dantza jardueretan dauden aukera zabalak eskaintzea: musika, dantza eta antzerki klasikoa, antzinakoa, modernoa, tradizioan oinarritutakoa, herrikoia, joera desberdinetakoa, e.a.
  6. Irakaskuntza ikasleen interes eta gaitasunetara eta, era berean, ikasketetako erritmora egokitzea, baina ikasleek ere, beroiek jasotzen dituzten irakaskuntzei probetxu egokia ateratzeko, gutxieneko baldintzak bete behar dituztela ahaztu gabe.
  7. Arte espresio desberdinak entzun eta ikusteko gogoa indartzea eta kritikarako gaitasuna garatzea bai ikasleengan, baita herritarrengan ere.
  8. Irakaskuntza jardunerako tekniken etengabeko hobekuntza eta berrikuntzak sustatzea, irakasleei etengabeko formakuntza eta eguneratzeko aukerak eskainiz.
  9. Prestakuntza sakonagoa bideratzea eta eskaintzea araututako irakaskuntzetara sartzeko baldintzak bete eta asmoa agertzen duten ikasleei, mintegi hauetatik sortutako ikasle gogotsu eta gaituez hornituko baitira araututako musika-irakaskuntzarako ikastetxeak.
  10. Beste musika eskolekin lankidetzan aritzea, irakaskuntza metodologiak elkarri jakinarazteko, ikasleen eta irakasleen arteko hartu-emanak bultzatzeko, jarduera batzuk batera egiteko, antolaketa eta jarduteko ereduen berri elkarri emateko, e.a.
  11. Herriko musika, dantza eta antzerki kulturan eragin baikorra izatea, musika, dantza eta antzerki taldeen jendaurreko etengabeko jardueren bidez gizartean musika, dantza eta antzerkia zabaltzeko zuzeneko ekintzak antolatuz.
  12. Herrian kultur eragile garrantzitsua izatea, herriko ekitaldietan protagonismo izanez eta herriko beste elkarteei ere beren ekintzetan laguntza eta elkarlana eskainiz.
  13. Gure ikasleen garapen pertsonal eta sozialean lagundu, pertsona eta talde baten partaide gisa garrantzitsuak diren balioak sustatuz eta landuz.

Konfesionaltasuna

Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolak eskolako kide guztien konfesio-motak errespetatzen ditu, sistema hori pluralismoan, norbanakoaren askatasun ideologiko eta erlijiosoan eta erakunde publiko guztien ez-konfesionaltasunean oinarritzen baita.

Ikasketaren hizkuntza

Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolan erabiltzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da jakinarazpen ofizial guztietan; beti ere musika eskolaren lan tresna eta komunikazio tresna (kanpokoa eta barnekoa) euskara lehenestea dela azpimarratuz.

Pluralismoa eta balio demokratikoak

Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolak bere ikasleei gizarte demokratiko baten oinarrizko balioak transmititzeko lan egingo du: tolerantzia, elkarrizketa, besteenganako eta norberarenganako errespetua, erantzukizunari lotutako askatasunaren zentzua, elkartasuna, adiskidetasuna, etab.

Berdintasuna

Hezkuntza jarduera berdintasunean eraikiko eta gauzatuko da; sexu bazterketarik gabeko hezkuntza eredua nagusituz, estereotipoak eta arketipoak alde batera uzten dituena. 

Beraz, sexu bazterketarik gabeko eta berdintasunaren aldeko ikaskuntza izango ditu oinarri, zutabe. 

Ildo metodologikoa

Zentroaren esku hartzearen oinarri orokorrak honako hauek izango dira: 

  • Ikasle bakoitzak bere ikaskuntza eraikitzen du. Irakaslea bitartekari hutsa da, eta haren egitekoa ikaslearen prozesuari laguntza eta irtenbideak ematea da.
  • Irakaskuntza oro ikaslearen garapen mailatik abiatzen da.
  • Ikaskuntza norberaren eraikuntzaren ondorioa denez, prozesu bakoitza desberdina da eta ondorioz, ikasleei emango zaizkien laguntzak desberdinak izango dira, beren bilakaera eta ikaskuntzaren abiadura kontuan hartuta.
  • Ikasi beharreko alderdi berriak ikasleak dakienaren eta menderatzen duenaren arabera diseinatu behar dira, eta ez edonola. Beraz, edukiek ikasleen desioak eta ezagutzak betetzeko ahalik eta erakargarrienak eta hurbilenak izan beharko dute.
  •  Irakaslearen hezkuntza parte-hartzearen helburuak ikasleak bere kabuz ikasten ikastea izan behar du.

Kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren konpromisoa

Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolaren funtzionamenduaren oinarrizko printzipioa kalitatezko zerbitzua ematea da. Zentzu honetan, langileen etengabeko trebakuntza sustatuko da.

Antolaketa

Eskola demokratikoa izateak hura osatzen duten maila guztien benetako parte-hartze eraginkorra eskatzen du. Beraz, eskolaren antolaketa egitura gurasoen, irakasleen eta ikasleen arteko lana ahalbidetuko duen ereduan oinarritzen da; halaber, eskolak lan egingo du, Udalarekin, Hezkuntza administrazioarekin eta herriko zein kanpoko beste erakunde eta elkarteekin harreman ona izan dezan. 

Gizarte zerbitzurako konpromisoa

Musikaz eta bestelako espresioez baliatuz, herritar multzo ezberdinak harilkatzeko zubi izan. Herri mailan, marjinalagoak diren taldeengana hurbiltzeko ekintzak antolatu eta burutu, gune eta pertsona hauek ere herriko eta herriaren ekimenetan parte izan daitezen; hala nola, helduen egoitzak eta bertako jende heldua edo haur eskola eta bertako haur txikiak.

Era berean, gure ikasleei ikusgai egin askotan hain urrun sentitzen duen belaunaldia: adinekoena. Eta hauekin hartu-emanean, begirunea, errespetua eta bestelako giza balio hain oinarrizkoak landu.